Kirolaren eurosarea

Gune pribatua

Erabiltzailea eta kontrazeinua idatzi:

Mugarik gabeko kirolaren aldeko adierazpena

Europar Kontseiluko Kirolaren Europako Gutunak honela definitzen du kirola: "era guztietako jarduera fisikoak, parte hartze antolatuaren bidez edo bestelako parte hartzearen bidez helburu hauek lortu nahi dituztenak: egoera fisiko eta psikikoaren adierazpena edo hobekuntza, gizarte harremanak garatzea, edota maila guztietako lehiaketetan emaitzak lortzea".

Maastricheko tratatua da bere adierazpenean kirola sartzen duen lehena: "identitate bat lantzerakoan eta herriak batzerakoan kirolak garrantzi handia daukala gizartean" adierazten du; "Europar Batasuneko organoei kirolari eragiten dioten gaietan kirol elkarteak entzuteko" eskatzen die; eta "afizionatuen kirolak dauzkan ezaugarriei arreta berezia ipintzera" gonbidatzen ditu erakundeak.

Bestalde, Helsinkiko Europar Kontseiluak 1999ko abenduan egin zuen bileran aldeko iritzia eman zion Kirolaren Europar Ereduaren gainean Europako Batasunak egindako txostenari. Eredu horretan, beste gauza batzuen artean, kirolari ondoko bost zeregin hauek ematen zitzaizkion:

  • 1. Heziketa zeregina
  • 2. Herri osasunaren zeregina
  • 3. Gizarte zeregina
  • 4. Kultur zeregina
  • 5. Jolas zeregina

Jarduera eremu guztietatik kirolak dauka eraginik handiena Europar Batasuneko herritarrengan eta berak biltzen ditu herritarrak elkarrengana gehien, haien adina eta gizarte jatorria edozein direla ere. Erdiak baino gehiagok egiten du aldiro kirola Europan, Batasunean edo handik kanpo dauden 700.000 klubetakoren batean. Ia bi milioi hezitzailek, monitorek eta boluntariok eskaintzen diote beren lan denbora edo aisialdia kirol bizitza suspertzeari, hezteko eta gizarteratzeko eginkizun funtsezkoa betez, noiz eta gizarteak kultur identitateko eta gizarte kohesioko arazo larriak pairatzen ari diren une honetan.

Gainera, Europar Kontseiluak 2000ko abenduan Nizan egindako bileran kirolari buruzko IV. eranskin berezia onartu zuen, eta hor kirolaren ezaugarri bereziak onartzeko eskatzen zitzaien erakundeei eta politika erkideak gauzatzeko orduan kirolaren zeregin soziala gogoan edukitzeko.

Testuinguru horretan, Europar Batasuneko eskualde mugakideek badakite europar gizarte osoaren jomugak eskualde guztien arteko berdintasuna lortzea izan behar duela, eta kirolaren bitartez sustatzen direla pertsonen arteko zuzeneko harremanak, baldintza berdinetan eta helburu komunak edukita. Horregatik, izan ere, bultzatu ditugu kirolaren eurosareak, aitzinako mugen ondorioz zeuden oztopo administratibo, fisiko eta, betez ere, mentalak gainditzeko.

Gaiari buruz iritzi sortzaile egokiak izateak zein garrantzi handia daukan jakinik, Kirolaren Eurosarea osatzen dugun erakunde eta pertsona hauek ondorengoa adierazten dugu.

ADIERAZPENAK

  • 01. Kirolari daukan garrantzia aitortu behar zaio eskualde mugakideen artean lankidetza ona izan dadin.
  • 02. Kirolaren bitartez eskualde mugakideek hobeto eta errazago ezagutzen dute elkar.
  • 03. Kirola pertsonen arteko harremanetarako aukerako alorra da eta eskualdeen arteko akordioak errazten ditu.
  • 04. Kirola baliagarria da pertsonen arteko harremanak hobetzeko eta lagungarria eskualdeen garapen sozial eta ekonomikorako, mugarik gabeko Europan.
  • 05. Kirol gaietako muga-eskualdeen arteko lankidetza onuragarria da Europako herritar berria sortzeko eta herrien artean harreman berriak izaten laguntzeko.
  • 06. Gure eskualde mugakideetako kirol sistemek geroago eta antz handiagoa dute elkarren artean, euroeskualdeetako alderdien kultur ezaugarriak eta gizarte ohiturak alde batera utzita.
  • 07. Mugaz gaindiko kirol jarduerek nahiko indar dute herrien arteko berdintasuna sustatzeko eta eguneroko harremanak hobetzeko.
  • 08. Kirola baliagarria da mugaz gaindiko eskualdeetako kultura eta gizarte ohiturak bateratzeko, eta bitarteko eraginkorra eta abantailatsua da herriak elkarrengana hurbiltzeko, antzinatik dauden hesiak desagerrarazten baititu.
  • 09. Jakin badakigu mota guztietako hesiak, gaur egun ere kirol jarduera erkideak egiteko oztopo direnak, ezabatu egin behar direla.
  • 10. Kirolak, azkenik, garrantzi handia izango du Europan aurrera eramaten diren mugaz gaindiko lankidetza proiektuetan.